Asteazkena, 2012ko apirilak 18a.
Lehen aldiz irabazi du Euskal Herriko
txapelketa, azken txandan David Astasiori gailenduta.
Josu Tornay. Donostia.
Mikel Huerga nafarrak irabazi zuen
Euskal Herriko Xake Txapelketa. Apirilaren 9tik 15era bitarte jokatu zen,
Zornotzan, eta hainbat lurraldetako 26 jokalarik parte hartu zuten bertan.
Guztiek Mario Gomez jotzen zuten faborito, txapelketako maisu bakarra. Urteak
aurrera doaz, ordea, eta gero eta zailagoa da santurtziarrarentzat lehen- go
mailari eustea. Gomezekin batera, Alex Franco, Santi Gonzalez, Mikel Huerga eta
Patrice Etxegarai ziren txapelketa irabazteko hautagai nabarmenenak.
Torneoko ezustea David Astasio arabar gazteak eman zuen. Elo aldetik faborito
nagusiengandik urrun egon arren, irabazteko aukera zuela berretsi zuen
txapelketan aurrera egin ahala. Azken txanda baino lehen sailkapeneko lehen
postuan zegoen, bost punturekin. Huergaren aurkako azken lehian nahikoa zuen
berdinketa lortzearekin. Nafarrak, aldiz, Astasiori irabazi eta Francok
Etxegarairen aurka ez irabaztea behar zuen.
Astasiok eskuratu zuen azken neurketako lehen abantaila txikia, baina ez zuen
behar bezala baliatu. Hutsegite bat egin zuen, eta horrek nabarmen erraztu zion
bidea Huergari. Arabarrak ezer gutxi egin zezakeen hasierako posizioari
eusteko. Huergak, berriz, hasierako jokoa hobetu zuen, eta gazteluetako final
batean azken garaipena eman zion abantaila txikia lortu zuen. Francok
Etxegarairen aurkako partida galdu zuen eta, ondorioz, Huergak irabazi zuen
txapelketa. Franco sailkatu zen bigarren, eta Gonzalez hirugarren.
Aipatzekoa da Mario Gomez maisu handiak egindako txapelketa. Partida guztietan
borrokatu zen arren, ez zuen emaitza onik lortu. Lau punturekin sailkapeneko
zortzigarren postuan amaitu zuen txapelketa. Berak lortu du, halere, orain
artean Euskal Herriko txapela gehien. Bederatzi dauzka denera.
Gazteen mailan, txukuna ibili zen Juan Manuel Ruiz 16 urteko arrasatearra.
Hamahirugarren postuan amaitu zuen txapelketa, eta beste behin ere argi utzi
zuen etorkizun handiko jokalaria dela.